Nafarroa Produktuaren Pasaporte Digitalerako prestatzen ari da: eskualdeko politiken eta ETE-en funtsezko eginkizuna

04.02.2026

Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) mugarri izango da Europako enpresek beren produktuak diseinatzeko, ekoizteko eta haien informazioa kudeatzeko duten moduari dagokionez. Eta pasaportearen arau-esparrua Europan zehazten ari badira ere, eskualdeen zeregina erabakigarria izango da enpresa-sarean benetan ezartzea errazteko.

Nafarroan, prestaketa-lan hori jada abian da. Hala azaldu du Eva Sevigne Orekan – Nafarroako Ingurumen Kudeaketako ekonomia zirkularraren taldeko arduradunak. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuarekin batera ari dira lanean PPDren eraginari aurrea hartzeko eta enpresei trantsizio horretan laguntzeko.

Oraingoz Produktuaren Pasaporte Digitalari buruzko foru-araudi espezifikorik ez bada ere, Sevigneren arabera foru-komunitateak jada badu ekosistema arauemaile eta estrategiko bat, bere printzipioekin argi eta garbi bat egiten duena.

“Gaur-gaurkoz, Europako araudiak zehazten du PPDren esparrua, baina Nafarroak urteak daramatza arlo horretan prestatzen, ekonomia zirkularraren, hondakin-kudeaketaren eta industria-politiken bitartez”; hala adierazi du Sevignek.

Funtsezko tresnen artean, hauek nabarmentzen dira: Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legea, Nafarroako Hondakin Plana (2017-2027), 2030eko Nafarroako Ekonomia Zirkularraren Garapenerako Agenda, Nafarroa Zirkularra ekimena eta etorkizuneko Industria eta Enpresa Sustapenerako Foru Legea (une honetan, onartzeko prozesuan dago). Tresna horien bitartez, datozen urteetan PPDren hedapena bideragarria izateko behar diren oinarri teknikoak, enpresakoak eta arautzaileak sortzen ari dira, iristear den Europako araudiaz batera.

“Nafarroa ez da hutsetik abiatzen; dagoeneko bada enpresak eta administrazioa Produktuaren Pasaporte Digitalerako prestatzen dituen esparru bat”.

Eskualde-esparruaz harago, Sevignek estatu-mailako araudian izan den bilakaera ere nabarmendu du, hala nola Kontsumo Jasangarriaren Legearen aurreproiektua, 2025eko uztailean onarturikoa, greenwashingari eta konpontzeko eskubideari buruzko Europako zuzentarauen transposizioa egiten duena.

Honela azaldu du: “PPD zuzenean arautzen ez badu ere, konponketaren, kontsumitzailearentzako informazioaren eta fabrikatzaileekiko harremanaren funtsezko alderdiak birdefinitzen ditu, eta elementu horiek, ziurrenik, pasaporte digitalaren edukiaren parte izango dira etorkizunean”.

Baina bada eztabaidagai nagusi bat, tresna horrek Nafarroako enpresetan (bereziki ETEetan) izango duen eragin zuzena, hain zuzen.

Ziurrenik kalte handiena izango duten balio-kateen artean, komunitaterako hain estrategikoak diren sektoreak daude, hala nola automobilgintza, eraikuntza, baterien sektorea, makineriari eta ekipamendu-ondasunei dagokiena, eta nekazaritzako elikagaien sektorea. Sektore horietan guztietan, produktuei buruzko informazio zabala biltzea eta digitalki izatea eskatuko du PPDk, besteak beste: identifikazioa, materialak, hornitzaileak, trazabilitatea, konponketa, birziklapena eta iraunkortasuna neurtzeko sistemak, karbono-aztarna kasu.

Sevigneren esanetan, “orain arte sakabanatuta zeuden edo sistematikoki biltzen ez ziren datuak egituratu beharko dituzte enpresek: lehengaien jatorria, produktuaren konpongarritasuna edo ingurumen inpaktuak”.

Eskakizun hori zehaztuz joango da, Europako egintza eskuordetuen bitartez; hau da, produktu motaren araberako nahitaezko datuak, formatu komunak eta sistemen arteko elkarreragingarritasuna zehaztuko dituzte. Horregatik nabarmendu du aurrea hartzearen garrantzia.

“Aldez aurretik prestatzea funtsezkoa izango da: PPD ez da betebehar bat soilik, lehiakortasunerako aukera bat da”.

Erronka bereziki garrantzitsua da ETEentzat, baliteke-eta baliabide teknikoetan nahiz ezagutzan izan ditzaketen mugei aurre egin behar izatea. Nolanahi ere, Sevignek nabarmendu duenez, ikuspegia mailakatua izango da, eta, beraz, enpresak dagoeneko has daitezke bai beren produktuei eragingo ote dien aztertzen, bai informazio eskuragarriena biltzen.

“Araudia betetzeaz harago, PPD aukera gisa ikusi behar da; izan ere, Europako hornidura-kateetara sartzea errazten du, datuen barne-kudeaketa hobetzen du, eta produktuaren gardentasuna indartzen du” gaineratu du Sevignek.

Babes publikoari dagokionez, gaur egun ez dago Produktuaren Pasaporte Digitalarekin loturiko laguntza espezifikorik, baina badira zirkulartasunerako funtsezko alderdiei erantzuten dieten tresnak.

Besteak beste, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Hondakin Funtsaren laguntzak aipa daitezke, bai eta Zirkular Erronkaren programak ere, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren proiektu estrategikoen ildoan. Deialdi horietan, PPDren etorkizuneko eskakizunekin zuzenean lotzen diren zirkulartasun-, trazabilitate- eta iraunkortasun-osagaiak barne hartzen dira.

“Europako egintza eskuordetuak zehaztu ahala, laguntza horiek eta beste batzuk modu zuzenagoan bideratu ahal izango dira enpresei zailtasun gehien sortzen dizkieten alderdiak babestera” adierazi du Sevignek.

Produktuaren Pasaporte Digitalaren hedapena ez da eraldaketa teknologikoa soilik izango; hau da, aldaketa sakona ekarriko du Europan ekoizteko, informatzeko eta lehiatzeko moduari dagokionez. Eta testuinguru horretan, eskualdeko politiken, tresna publikoen eta zenbait laguntza-proiekturen (EDIT, adibidez) zeregina funtsezkoa izango da industria-lurraldeetan, Nafarroan kasu, betebehar hori abantaila estrategiko bihurtzeko.