Jasangarritasun digitala proban Produktuaren Pasaporte Digitalarekin

11.12.2025

Trantsizio ekologikoa erabateko lehentasun bihurtzen ari den mundu honetan, enpresek erronka handi bati egin behar diote aurre, berrikuntza teknologikoa eta ingurumenarekiko errespetua uztartzea, hain zuzen ere. Produktuaren Pasaporte Digitala edo Digital Product Passport (DPP), antza, funtsezko tresna izango da produktuen jasangarritasunaren aztarnari jarraitzeko haien bizi-zikloan zehar. Baina uste on horrekin lotuta, bada beste gai erabakigarri bat: nola bermatuko da datu horiek gordetzen diren tresna teknikoa bera ingurumenerako zama ez bihurtzea? 

Bada, hemen aipatu behar da «digital arduratsua» kontzeptua. Blockchain gisako teknologiak gardentasunerako eta trazabilitaterako soluzio miragarri gisa aurkezten diren une honetan, funtsezkoa da tresna horien benetako eragina ebaluatzea. Izan ere, jasangarritasunari buruzko datuak energia asko kontsumitzen duen euskarri digital batean biltegiratzea kaltegarria izan daiteke. 

Produktuaren Pasaporte Digitala: gardentasunaren zerbitzura dagoen tresna 

Produktuaren Pasaporte Digitala produktu bakoitzari identitate digital bakarra emateko diseinatuta dago, eta haren osaerari, jatorriari, ingurumen-inpaktuari edo birziklatzeko baldintzei buruzko informazioa biltzen du. Eta helburua? Kontsumitzaileei, arautzaileei eta enpresei berei datu fidagarriak eta eguneratuak eskuratzeko aukera ematea, eta, horrela, ekonomia zirkularra erraztea. 

Nolanahi ere, PPDren inplementazio teknikoak erronka garrantzitsuak ditu: 

  • Non gordeko dira datu horiek eskuragarriak, seguruak eta iraunkorrak izaten jarrai dezaten? 
  • Zer ingurumen-inpaktu dute hautatutako azpiegiturek? 
  • Zer egin daiteke konponbidea bera konpondu nahi den arazoa baino kaltegarriagoa izan ez dadin? 

Digital arduratsua: PPD-rako agindu bat 

Digitalizazio arduratsuaren helburua da teknologia digitalen aztarna ekologikoa eta soziala murriztea. PPDren esparruan, honakoa adierazi nahi du: 

  • Ostatatze-azpiegitura soilak eta etikoak aukeratzea: lehentasuna ematea energia berriztagarriz elikatutako datu-zentroei, edo kontsumo txikiko soluzio deszentralizatuei eta produktuaren balio-bizitza osoan iraun dezaketen espazioei. 
  • Energia asko kontsumitzen duten teknologiak baztertzea: bloke-katea —askotan gardentasunagatik aipatze da— adibide nabarmena da. Horren funtzionamendua kontsentsu-mekanismoetan oinarritzen da (lan-proba edo Proof of Work), eta horiek energia-kantitate handia kontsumitzen dute; gainera, erabilitako energia hori energia fosiletan oinarritzen da batez ere, eta horrek inpaktu handia eragiten du. 
  • Datu-kopurua optimizatzea: PPDn behar-beharrezkoa den informazioa soilik jaso behar da, biltegiratze-espazioa eta mobilizatutako baliabideak murrizteko. 

Konpromisoa hartu duten enpresentzako gomendioak 

Teknologia digital arduratsuaren printzipioak errespetatuz Produktuaren Pasaporte Digitala inplementatu nahi duten enpresei dagokienez, hona hemen zenbait pista: 

  1. Auditoretza energetikoa: aurreikusi diren azpiegituren inpaktua ebaluatzea, azpiegitura horiek ezarri aurretik. 
  2. Soiltasuna lehenestea: biltegiratutako datu-kopurua mugatzea eta formatu arinak aukeratzea. 
  3. Alderdi interesdunak sentsibilizatzea: taldeei eta bazkideei teknologia digital arduratsuaren garrantziari buruzko prestakuntza ematea. 
  4. Adituekin lankidetzan aritzea: Green IT ikuspegian espezializatutako adituak izatea, soluzio egokituak diseina ditzaten. 

Produktuaren Pasaporte Digitalak aurrerapen handia dakar gardentasunari eta jasangarritasunari dagokienez. Dena den, teknologia digital arduratsua sorreratik integratzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango da aipatu tresnaren arrakasta. Beraz, enpresek aukera paregabea dute: berritzeko aukera, baina planetari eta pertsonei uko egin gabe. 

LaNum Pays Basque, EDIT Interreg POCTEFA proiektuko bazkidea 

Iturriak:   

  • ADEMEren txostena, teknologia digital arduratsuari buruzkoa (2023) 
  • Ekonomia zirkularrerako estrategia europarra (Europako Batzordea, 2025)