EDIT proiektuaren esparruan egindako lurralde-diagnostikoaren lehen erantzunak
25.11.2025
Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) – Nola egokitu daitezke ETE-ak trantsizio digital eta ekologiko honetara?
Testuingurua
Europar Batasunak bultzatuta, PPD ekonomia zirkular eta garden baterako palankatzat hartzen da.
2025ean, Europar Batasunak ekonomia zirkular, digital eta trazagarri baterako trantsizioa bizkortu zuen. Eraldaketa horren erdigunean Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) dago, produktuak diseinatzeko, fabrikatzeko, banatzeko, mantentzeko eta birziklatzeko modua gardenagoa egitea helburu duen tresna. ETEak (enpresa txiki eta ertainak) Europako ekonomia-ehunaren % 99 dira, eta enpresa-mota horientzat trantsizio hau sekulako aukera da, bai eta erronka handia ere.
Gaur egun, Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) ez da legezko betebeharra. Eraldaketaren katalizatzaile bat da, eta enpresei lagundu diezaieke lehiakortasun eta gardentasun handiagoa lortzen eta merkatu berrietara zabaltzen.
Horri dagokionez, funtsezko galderak sortzen dira:
- Zein sektoretan eragingo du gehien?
- Nola presta daitezke ETEak atzean ez geratzeko?
- Zer oztopo izan daitezke eta zer faktorek lagundu dezakete ezarpena egokia izan dadin?
Zer da Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD)?
Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) produktu fisiko bati lotutako dokumentu digital bat da, eta bere bizi-zikloari buruzko hainbat datu bil ditzake, hala nola:
- Lehengaien jatorria
- Fabrikazio-prozesuak (kontsumitutako energia, CO₂ isuriak, lan-baldintzak)
- Produktuaren iraunkortasuna eta birziklagarritasuna
- Mantentze-lanak egiteko, konpontzeko edo birziklatzeko jarraibideak
- Eta abar.
Eta helburua? Produktuak gardenagoak, jasangarriagoak eta trazagarriagoak izatea, Europako Itun Berdearen eta ekonomia zirkularraren helburuen ildotik. (AGEC Legea, Frantziako lurraldean aplikagarria)
Nahitaezkoa izango da PPD?
Europar Batasuna PPD txertatzen ari da pixkanaka, araudi hauen bitartez:
- Produktu jasangarrietarako diseinu ekologikoari buruzko araudia (ESPR): jasangarritasun- eta birziklagarritasun-irizpideak ezartzen ditu.
- Europan ekonomia zirkularra izateko estrategia: hondakinak murriztea eta baliabideen erabilera optimizatzea ditu helburu.
- Europako taxonomia berdea (karbono-neutraltasuna): ekonomia-jarduerak ingurumenean duten inpaktuaren arabera sailkatzen ditu.
Ba al zenekien…? Aurreikuspenen arabera, 2027tik aurrera sartuko da indarrean, pixkanaka, produktu-familien araberako egutegi batekin. Lehen-lehenik bateria elektrikoei eragingo die. Eragingo dien hurrengo produktuak ehungaiak, eraikuntzako materialak edota pneumatikoak izango dira, baina baita bitarteko produktuak ere, altzairua, adibidez. Produktu-kategoria batzuk soilik salbuetsiko dira: elikagaiak, pentsuak eta medikuntzako produktuak. EDIT Interreg POCTEFA (Euskadi, Pirinio Atlantikoak eta Nafarroa) proiektuko taldeek lehen lurralde-diagnostikoa egin dute, ETEek arlo digitalean zein ingurumen-arloan zer heldutasun-maila duten jakiteko, parametro erabakigarriak baitira PPD aplikatzeko.
Lehen erantzunak Euskal Autonomia Erkidegoan, Pirinio Atlantikoetan eta Nafarroan aztertzen ari dira, EDIT Interreg POCTEFA (2024-2026) proiektuaren esparruan landutako diagnostiko sektorialen eta eraldaketarako ibilbide-orrien bitartez.
EAE-n, Pirinio Atlantikoetan eta Nafarroan funtsezko diren hiru sektoretan oinarritzen da
EDIT Interreg POCTEFA (2024-2026) proiektuak Nafarroako, EAEko eta Pirinio Atlantikoetako hiru funtsezko sektore hautatu ditu.
- Altzariak eta ekipamendua (jasangarritasuna, material birziklatuak, ekonomia zirkularra)
- Nekazaritzako elikagaiak (elikagaien trazabilitatea, hondakinen kudeaketa)
- Ehungintza (moda azkarra vs moda jasangarria, materialen birziklapena)
Sektore horiek bereziki interesgarriak dira, arrazoi hauek direla-eta:
- Zatiketa handia (ETE eta mikroenpresa ugari).
- Lehengaiekiko mendekotasuna (zura, kotoia, plastikoa).
- Ingurumen-inpaktu handia (hondakinak, ur-kontsumoa, CO₂ isuriak).
Zer egoeratan daude Euskal Autonomia Erkidegoko, Pirinio Atlantikoetako eta Nafarroako ETE-ak arlo digitalean zein ingurumen-arloan duten heldutasunari dagokienez?
Heldutasun-maila desberdina sektoreen arabera
EDIT proiektuaren lehen landa-ikerketen arabera (2024-2025 aldian egin ziren), alde handiak daude ETEen artean haien digitalizazioari eta jasangarritasunari dagokienez.
Hona hemen sektoreetako enpresa esanguratsuenak kokatzeko erabili den heldutasun-matrizea.
Adibide zehatzak:
- Nekazaritzako elikagaien sektorea. Enpresa asko “Tradizional arduratsua” (2) kategorian daude (ingurumen-jardunbide egokiak, baina digitalizazio eskasa).
- Ehungintzaren sektorea. Gehienak «Iratzartze digitala» (4) kategorian daude (oinarrizko tresna digitalak, baina EGEren arloko estrategia gutxi).
- Altzarigintzaren sektorea. ETE batzuk “Eraldatzaile duala” (5) mailara iritsi dira (ekodiseinuan ahaleginak, baina digitalizazio partziala).
Identifikatutako erronka nagusiak
EDIT Interreg POCTEFA proiektuko adituen arabera, 10 oztopo nagusi identifikatu dira PPD ezartzeari dagokionez.
| Erronkak | Eragina ETEetan | Proposatutako irtenbideak |
| Digitalizazio-kostuak | Inbertsio handiak softwarean, sentsoreetan eta prestakuntzan. | Europako dirulaguntzak (NextGenerationEU funtsak, adibidez). |
| Datuen fidagarritasuna | Erroreen arriskua, araurik ez izatea. | Arauak ezartzea, PEF/OEF (Product Environmental Footprint) adibidez. |
| Elkarreragingarritasuna | Sistema informatiko bateraezinak bazkideen artean. | API komunak eta sektorekako plataformak garatzea. |
| Adierazleen hautaketa | Zer KPI aukeratu behar da? Nola neurtu behar dira? | Egungo arau-esparruak erabiltzea (GRI, ISO 14001). |
| Kontsumitzaileen sentsibilizazioa | Produktu «trazagarrien» eskari argi eskasa. | Komunikazio-kanpainak egitea (adibidez, PlanetScore motako etiketak). |
| Kultura-aldaketa | Aldaketaren kontrako jarrera taldeetan. | Aldaketaren kudeaketa egitea (prestakuntza, laguntza). |
| Hornitzaile jasangarrien eskuragarritasuna | Lehengai ekologikoak aurkitzeko zailtasuna. | Sektore barruko lankidetza (adibidez, klusterrak, kooperatibak). |
| Gaitasunen garapena | Eskumenik ez datuei eta EGEren arloari dagokienez. | Prestakuntza-programak (adibidez, lankidetzak unibertsitateekin). |
| Eragileen arteko koordinazioa | Balio-kate konplexuak (adibidez, ehungintza = 10 bitartekari baino gehiago). | Lankidetza-plataformak (adibidez, PPD zerbitzu gisa). |
| Teknologietarako sarbidea | Tresna garestiak (blockchaina, gauzen Internet – IoT). | Soluzio partekatuak (adibidez, kode irekiko softwarea). |
Gaur egun, Europako ETEen % 15ek soilik du EGEren estrategia formalizatua (iturria: Eurostat, 2024). Ba al zenuen horren berri? Nolanahi ere, kontsumitzaileen % 60k diote nahiago dituztela ingurumen-inpaktuari dagokionez gardentasunez jokatzen duten markak (Nielsen ikerketa, 2025).
Lurralde-diagnostikoa egin ondoren, nola lagundu asmo die EDIT Interreg POCTEFA proiektuak ETE-ei PPD sortzen?
Neurrira egindako ibilbideak sortzea, ETE-ak gidatzeko trantsizio digitalaren eta ingurumen-arloko trantsizioa egiten eta, azken batean, PPD sortzen
EDIT Interreg POCTEFA proiektuko taldeek eraldaketa-ibilbideak sortu eta probatu dituzte elkarrekin, enpresek hobeto uler ditzaten zer ahalegin zehatz egin behar dituzten Produktuaren Pasaporte Digitala ezartzeko. Sarrera bikoitzeko (digitalizazioa eta iraunkortasuna) matrize bat egin dute, 9 koadranterekin.
Hona hemen trantsizio arrakastatsua lortzeko funtsezko lau urrats:
1. etapa. Abiapuntuko koadrantea identifikatzea (9 koadranteetako bat).
- Adibidea: ehungintzako ETE bat, autodiagnostikoa egin ondoren, “Iratzartze digitala (4)” koadrantean (hau da, digitalizazio ertaina, jasangarritasun baxua) kokatu bada, hauei erreparatu beharko die:
- Bere karbono-aztarnaren neurketa (1. eta 2. irismena).
- Tresna digitalen integrazioa diseinuan (3D softwarea, adibidez).
2. etapa. Helburu-koadrante errealista zehaztea.
- Helburua: 2 urtean, “Iratzartze digitala (4)” koadrantetik “Eraldatzaile duala (5)” koadrantera pasatzea.
- Lehentasunezko ekintzak:
- Taldeei prestakuntza ematea EGEri eta tresna digitalei dagokienez.
- Hornitzaile jasangarriekin lankidetzan aritzea (adibidez, kotoi organikoa, material birziklatuak).
3. etapa. Egokitutako ibilbideari jarraitzea
- EDIT proiektuko taldeek 10 ibilbide-mota diseinatu dituzte; hona hemen 3 adibide:
| Ibilbidea | Abiapuntua | Helburua | Funtsezko ekintzak |
| A ibilbidea | Gune kritikoa (1) → Tradizional arduratsua (2) | Oinarrizko jasangarritasuna hobetzea. | – EGEren auditoretza egitea. – Ingurumen-jardunbide egokiei buruzko prestakuntza ematea. |
| C ibilbidea | Zaindari berdea (3) → Jasangarria aurrerabidean (6) | Egungo prozesuak digitalizatzea. | – EGE bat inplementatzea. – Datu-bilketa automatizatzea. |
| E ibilbidea | Helbururik gabeko teknologia (7) → Liderra ekoteknologian (9) | Estrategia digitalean jasangarritasuna txertatzea. | – Karbono-aztarna kalkulatzea. – Produktu «zirkularrak» garatzea. |
4. etapa. Enpresa barruan aldaketa kudeatzea
Aldaketaren kontra egotea da PPD ezartzeko oztopo nagusia. Arazo hori konpontzeko, beharrezkoa da:
- Taldeak inplikatzea hasiera-hasieratik (parte hartzeko tailerrak).
- Zuzendaritzako kideei aldaketa kudeatzeko prestakuntza ematea (ADKAR metodoa).
- Garaipen txikiak ospatzea (adibidez, hondakinen % 10 murriztea).
Laburbilduz, trantsizio ekologikoaren eta digitalaren aroan, Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) funtsezko tresna da nabarmendu nahi duten eta merkatuko eskakizunei aurrea hartu nahi dieten ETEentzat. Dirudienez, aukera bat da, abantaila estrategiko bihurtzen dakitenek aprobetxatu beharrekoa.
Gainera, arauzko betebehar bihurtzen bada, hobe da ETEetan haren ezarpena aurreratuta izatea.
Merkatu berrietara zabaltzeko ate bat da, enpresa gardenentzat gordetako lizitazio publikoei esker, bai eta kostuak murrizteko palanka bat ere, baliabideen kudeaketa optimizatu baten bidez; aldi berean, gainera, lehiarako posizioa indartzen du. Pasaportea lortzen atzeratzen diren ETEei aurrea hartuko diete aldaketa horietara hobeto prestatu diren lehiakideek.
EDIT Interreg POCTEFA proiektuaren aurretiko lanari esker, bost ekintza zehatz nabarmendu daitezke, atzerapenik gabe hasteko:
- Zenbait tresnaren bitartez, hala nola EDIT autodiagnostikoko galdetegiaren bitartez, enpresaren heldutasuna ebaluatzea eta, horrela, matrizean kokatzea, zer indargune eta hobetu beharreko zer arlo dituen identifikatzeko.
- Horretan arituko den taldea sortzea, EGEn dituen gaitasunak eta esperientzia digitala konbinatuko dituena, prozesua arintasunez zuzentzeko.
- Enpresaren heldutasun-mailari egokitutako ibilbidea aukeratzea (hasiberrientzako A ibilbidea, adibidez), bere erritmoan aurrera egiteko.
- Bazkideengan babestea (klusterrak, merkataritza-ganberak, garapen-agentziak), laguntza pertsonalizatua jasotzeko.
- Barne- eta kanpo-komunikazioa lantzea, taldeak batzeko eta bezeroekin eta alderdi interesdunekin duten konpromisoa balioan jartzeko.
EDIT Interreg POCTEFA proiektuko parte-hartzaileek egindako lanetan azpimarratzen denez, PPD ez da karga gehigarri bat izan behar, benetako azeleratzaile bat baizik.
Txostenak lortzeko, bidali eskaera bat helbide honetara: proiektuak@sakanagaratzen.com