Prest al daude enpresak Produktuaren Pasaporte Digitala ezartzeko?

10.09.2026

Produktu Jasangarrietarako Ekodiseinuaren Europako Erregelamenduan (2024/1781 EB Erregelamendua) jasotzen den bezala, Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) datuen inbentario dinamiko eta egituratu gisa hartzen da, Europar Batasunean merkaturatutako gai bakoitzaren trazabilitateari, osaerari, ingurumen-aztarnari, konpongarritasunari eta bizi-amaieraren kudeaketari buruzko informazio kritikoa biltzen duena.

Erregulazio-epeak gainean direla-eta, enpresek, eskakizun horiek betetze aldera, beren informazio-sistemak egituratzeko erronkari egin beharko diote aurre. Testuinguru horretan, EDIT mugaz gaindiko proiektua gauzatzen ari gara, PPD ezagutzera emateko eta enpresei laguntzeko pasaportea ezartzeko prestakuntzan.

Proiektuak erantzun beharreko hasierako galderetako bat zen PPDri dagokionez enpresen abiapuntua zein zen zehaztea, hau da: pasaporteari buruzko ezagutza- eta prestakuntza-maila, interesa edota pasaportea ezartzeko zailtasun nagusiak.

Aurtengo otsailean, European Digital Product Passport Readiness Survey azterlana (Europako produktuaren pasaporte digitalerako prestaketari buruzko inkesta) argitaratu zen. Azterlan hori, zehazki, KPMGk egin eta argitaratu zuen, 13 herrialdetako sektore askotako 70 erakunderi baino gehiagori egindako inkesta batean oinarrituta, eta Europako enpresek PPD ezartzeko zer prestakuntza-maila duten aztertzea zuen helburu.

Hainbat eremutan ohikoa den bezala, azterlanak enpresa-moten eta sektoreen heterogeneotasuna nabarmentzen du, eta, neurri handi batean, EDIT proiektuaren baitan, enpresekiko interakzioan eta lanean lortzen ari diren ondorioen antzekoak erakutsi ditu. Enpresa gehienek izan dute PPDren berri, baina heren batek baino ez daki zehaztasunez zer eskakizun operatibo dituen. Espero zen beste emaitza da enpresen % 80k ez duela bere bizi-zikloari buruzko datu egituraturik, ez eta horniduren trazabilitateari eta materialen iraunkortasunari buruzko daturik ere. 

Azterlanean, gainditu gabeko arazotzat jo da, halaber, PPDri lotutako proiektuen barne-gobernantza. Enpresen ia erdietan, bertako jasangarritasun-taldeen esku uzten da erantzukizuna, eta, horrenbestez, PPD “ingurumen-txosten estatiko” bihurtzen da, produktuaren diseinuarekin edo enpresa-datuen kudeaketarekin inolako loturarik gabea, enpresak bete beharreko beste izapide bat izango balitz bezala.

Pasaportea “digitala” izatean, erronka handia da enpresentzat, datu ugari integratu behar baitituzte erakundeen barruan dauden software-plataforma ugari baliatuz. Horrez gain, EBren behin betiko estandarrei buruzko ziurgabetasunak zaildu egiten du integrazio hori, eta datuen arkitektura oso malguak diseinatzera behartzen ditu informazio-teknologiaz (IT) arduratzen diren taldeak.

Trazabilitatea, PPDren funtsezko helburuetako bat izanik, enpresen erronka handienetako bat da, paradoxikoki, eta nekez konpontzen da; izan ere, enpresak jabetzen dira beren hornitzaileen mende daudela, eta haien konpromiso- edo erantzun-maila txikiak betetze-arazoak sortzen ditu PPDri dagokionez.

Aurrez nabarmendu bezala, eta espero zen moduan, azterlanak aldeak hauteman ditu enpresen sektoreen eta tamainen artean. Lehengaien hornitzaileek (upstream) zailtasunak dituzte PPDren garrantzia, epeak eta baldintzak ulertzeko; erregulazio-maila handiko industria-sektoreetan (bateriak, energia…), PPDk dakarren antolaketa-ereduaren aldaketa kudeatzea da erronka, eta kontsumitzaileari zuzendutako sektoreetan, berriz, hornitzaile global ugariren informazioa egiaztatzea.

Azken batean, azterlanak agerian utzi ditu EDIT proiektuan sortu diren zalantzak eta zailtasunak, bai eta PPD ezartzeak dakarren erronka handia ere. Horregatik dira beharrezkoak EDIT gisako proiektuak, enpresek informazioa, gidaritza eta aholkularitza behar dutelako PPD ezartzeko egin behar dituzten aldaketei nola edo nondik heldu jakiteko. Hori islatu da enpresa parte-hartzaileei emandako laguntzan, bai eta haien eskura jarritako tresnen eta baliabideen erabilgarritasunean ere.

Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) ezartzeak enpresei ekar diezazkiekeen onurak ere EDIT proiektuak duen balioaren oinarri dira. Hori ere, aipatu azterlanaren ondorioetako bat izan da. Enpresek aitortzen dute PPDren bidez balio erantsia eta negozioa sortzeko gai izango direla; izan ere, markari balioa emango zaio (greenwashingari aurre eginez), PPD duten produktuen eskaera handituko da, hornidura-kateak hobetuko dira, eta berrikuntza bultzatuko da produktuaren diseinuan.

EDIT proiektuak epe luzerako prozesu baten oinarriak finkatu ditu, eta proiektuan ikasitakoak funtsezkoak izango dira gure lurraldeetako enpresei PPD ezartzen laguntzen jarraitzeko.